Castellano | Euskara | English

Lege oharra


Web orri honen jabea Nafarroako Gobernua da, non ez den adierazten jabetza, kopiarako eskubideak edo marka erregistratua hirugarrenena dela.

Web orri hau Trabajos Catastrales, S.A.k garatu du; beraz, Trabajos Catastrales, S.A.ri dagozkion jabetza intelektualaren eskubideek babesten dituzte haren osagai teknologikoak.

Argitalpen honen hornidura "bere horretan" egiten da, inolako bermerik gabe, ez inpliziturik es espliziturik. Web orri honetako irudiak erakusgarri baizik ez dira.

1. Identifikazio datuak

Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistema (SITNA, hemendik goiti) Foru Komunitateko erakunde korporatiboa da, eta bertan Nafarroako Gobernuan informazio sistemen arloko eskumena duen departamentuko titularrak egiten du buru.

Eskumen horiei dagokien zuzendaritza orokorraren egoitzan du helbidea, Sarrigurengo Cabárceno karrikako 6an, 31621 Nafarroa. SITNAn bertzelako entitate publiko edo pribatuak egon daitezke sarturik, kasu bakoitzeko lankidetza hitzarmenek arautzen dituzten baldintzetan. Erabiltzeko ondotik deskribatzen diren gainerako Baldintzetan, SITNAri buruzko aipamenak Nafarroako Gobernuari ere dagozkio, baita barrenean sarturik dauden gainerako entitateei ere. Lege ohar honek biltzen ditu SITNAren hedabideen bitartez azpidomeinu hauetan ematen diren baliabide, zerbitzu eta datu multzoen eskurapena eta erabilera arautzen duten baldintza orokorrak:

  • http://sitna.navarra.es
  • http://idena.navarra.es

Webgune horietan argitaratzen diren baliabide, zerbitzu eta datu multzoen eskurapenak berekin dakar Erabiltzeko Baldintza hauek onartzea; horren xedea da SITNAk sektore publikoko informazioaren berrerabilerarekin duen konpromisoaren babesa eta sustapena; gisa horretara, aukera ematen du hartzaileek komunitatearen hazkuntzan lagun dezaten, haien ustiapenetik lortu dituzten mozkinen ekarpenaren bitartez. Dudarik baldin baduzu, edo iruzkinik egin nahi baduzu Erabiltzeko Baldintzen gainean, faborez, gurekin harremanetan jar helbide elektroniko honetara joz: sitna@navarra.es

Web orri hauen bitartez hedaturiko edukien gaineko jabetza intelektualaren eskubideak baliabide, zerbitzu eta datu multzoen titular bakoitzarenak dira, kasu bakoitzeko metadatuetan deskribatzen den gisara, non ez den espresuki adierazten titulartasun desberdin bat.

2. Erabileraren legezko baldintzak

SITNAk eskaintzen dituen datu multzo guztiak, kontrakorik zehazten ez bada, Creative Commons-Aitortu (CC-by 3.0) lizentziaren baldintzen pean eskaintzen dira; horrek aukera ematen du:

  • datuak kopiatzeko, banatzeko eta modu publikoan hedatzeko,
  • haien azterketaren ondoriozko lan eratorrien oinarritako balio izateko,
  • datuak merkataritzan nahiz merkataritzaz kanpo erabili ahal izateko
  • datuak aldatzeko, eraldatzeko eta egokitzeko, aldaketa horiek jakitera emanda.

Orobat, datu multzoetako informazioa berrerabili nahi izanez gero, baldintza orokor hauek bete behar dira:

  • Informazioaren edukia ez aldatzea
  • Informazioaren zentzua ez faltsutzea
  • Iturria aipatzea
  • Azken eguneraketaren data aipatzea (edo, bertzenaz, eguneraketa zenbatean behin egiten den)

Erabiltzeko Baldintzak onartzeak ez du erran nahi baliabide, zerbitzu eta datu multzoen gaineko egile eskubideak eta jabetza intelektualarenak ematen direnik. SITNAn sarturiko entitateek beretako gordetzen dute baliabide, zerbitzu eta datu multzoak argitaratzeko eskubidea, horiek erabiltzeko diru ordaina pagatzea beharrezkoa denean. Ordain horien zenbatekoak xedea izanen du informazio geografikoaren bilketari, ekoizpenari, erreprodukzioari eta hedapenari loturiko kostuak berdintzea, baina ezin izanen da, inola ere, kostu horiek baino handiagoa izan. Hala izanez gero, aplikatzen ahal diren ordainen zenbatekoaren zerrenda jendaurrean egonen litzateke eskura, zabalkunde politikan egindako aldaketa horren aldi berean.

3. Aitorpena

Baliabide, zerbitzu eta datu multzoen erabilerak, erreprodukzioak, aldaketak edo banaketak behartzen dute, Creative Commons-Aitortu (CC-by 3.0) lizentziaren baldintzei jarraikiz, egiletza aitortzera eta SITNA eta informazioaren entitate titularra aipatzera datu multzoen iturri gisa; hori honela adieraziko da: Datuen iturria: SITNA – entitate titularra. Titularrak Nafarroako Gobernuaren mendeko unitateak baizik ez badira, hau adieraziko da: Datuen iturria: SITNA – Nafarroako Gobernua. Zenbait titularren baliabide, zerbitzu edo informazio edo datu multzoak eskuratuz gero, modu generikoan adieraziko da: Datuen iturria: SITNA. Aipu hori HTML formatua sartzen bada, titulartasuna adieraz dezake arestian deskribatu bezala, ondoko markarekin edo antzekoarekin:

Datuen iturria: SITNA – informazioaren titularra.

4. Aldaketak datuen multzoetan eta Erabiltzeko Baldintzetan

SITNAk noiznahi gehitzen, kentzen edo aldatzen ahalko ditu argitaratutako datuen multzoak edo Erabiltzeko Baldintza hauek. Aldaketa horien iragarkia bere webguneetan argitaratzen ahalko da. Egiten den edozein aldaketak argitaratzen den momenturik izanen du indarra, non ez den kontrakoa jakinarazten. SITNAk argitaratzen dituen datu multzoen gainean egiten den edozein aldaketa edo eraldatze, gisa horretan identifikatu beharko da banatzen den momentuan.

5. Datu multzoen bermea

SITNAk berak ez du inolako bermerik eskaintzen hedatzen duen informazioaren gainean, kasu bakoitzean informazioaren titularrak ematen diona izanen baita; beraz, ez du haren osotasuna, eguneratzea, zehaztasuna edo sarbide etengabea segurtatzerik. SITNAk beretako gordetzen du aitzinetik gaztigatu gabe bidezko aldaketak egiteko eskubidea, webguneetan dauden baliabide, zerbitzu, datu multzo edo edukiak edo haien diseinua eguneratzeko, zuzentzeko, gehitzeko edo aldatzeko. Aipatu edozein osagai beren gain eta galorde erabiliko dute erabiltzaileek edo berrerabilpenaren eragileek.

6. Erantzukizunik ez

Ez SITNAk ez bere barneko entitateek ez dute erantzukizunik eskaintzen dituzten baliabide, zerbitzu eta datu multzoen erabilerak ekartzen dituen edo ekar ditzakeen kalte eta galeren gain, izanik horiek zuzenekoak edo zeharkakoak, ekonomikoak, materialak edo datuen gainekoak.

7. Erabiltzailearen edo berrerabilpenaren eragilearen erantzukizuna

Datu multzoen erabiltzailea edo berrerabilpenaren eragilea honako hauen mendean dago: Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea, batez ere haren zehapen araudiari dagokionez, baita informazioaren erabilerari eragiten dion araudi guztia ere, hala nola Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoa eta Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onesten duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretua. Dokumento honetan agertutako Erabiltzeko Baldintzen ondorioz edo datu multzoak argitaratzeko bidea ematen duen lizentziaren baldintzen ondorioz, Nafarroako Gobernua edo SITNAn sarturik dauden entitateak legezko ekintzen xede bilakatzen badira edo diru zehapenik jasotzen badute, datu multzoak erabiltzen, erreproduzitzen, aldatzen edo banatzen dituen pertsona edo entitatea izanen da deklara litezkeen gastu, zehapen edo kalte-ordainen erantzule Nafarroako Gobernuaren edo SITNAn sarturik dauden entitateen aitzinean, are gastu horiek judiziokoak direlarik. Gisa hartara, datu multzoak erabiltzen, erreproduzitzen, aldatzen edo banatzen dituen pertsona edo entitateak onartzen du kalte-ordaina ordaintzea, baita Nafarroako Gobernua edo SITNAn sarturik dauden entitateak salbuestea ere Erabiltzeko Baldintza hauek ez betetzeagatik edo informazioaren erabilera, erreprodukzio, aldaketa edo banaketa hutsagatik eragin litezkeen erreklamazioaren ondorioz izan litzaketen erantzukizun guztietatik. Nafarroako Gobernuak edo SITNAn sarturik dauden entitateek, berriz, beretako gordetzen dute beren interesak begiratzeko behar diren legezko neurriak hartzeko eskubidea, eta horrek ez du erran nahi uko egiten dionik erantzukizunari eta kalte-ordainari, baliabide, zerbitzu eta datu multzoak erabiltzen, erreproduzitzen, aldatzen edo banatzen dituen pertsona edo entitatearen aldetik.

8. Sostengurik gabe

Jendaurrean inork ezin izanen du adierazi ez zuzenean ez hitz erdika, ezta iradoki ere, Nafarroako Gobernuak edo SITNAn sarturik dauden entitateetariko edozeinek parte hartzen, babesten edo sostengatzen duenik pertsona edo entitate batek datu multzoen gainean egiten duen erabilera edo erreprodukzio berariazkoa; aldiz, horrek ezin izanen du erabili inongo izen idatzirik, grafikorik, ikusizkorik edo entzunezkorik, azken erabiltzaileari nahasmendua eragiten ahal badio Nafarroako Gobernuaren edo SITNAn sarturik dauden entitateetariko edozeinen partaidetzaz baliabide, zerbitzu, informazio eta datu multzoen erabiltzailearen jardueran.

9. Mikrodatuak

Nafarroako Gobernuak edo SITNAn sarturik dauden entitateek ez dute erantzukizunik erabiltzaileek beren kalkuluekin eta webguneetan haien eskura jarritako mikrodatuetatik abiatuta sortzen duten informazioaren gain. Beren lanetan erabiltzen dituenak konpromisoa hartzen du SITNA aipatzeko datu primarioaren iturri gisa, erabiltzeko baldintza hauen 3. puntuan deskribatzen den bezala, eta orobat konpromisoa adierazteko egilearena baizik ez dela prozesamendu honen ondoriozko informazioaren zehaztasun edo fidagarritasun mailaren erantzukizuna (apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuari jarraikiz; haren bidez Jabetzari Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onetsi zen, alor honetan indarra duten lege xedapenak erregularizatuz, argituz eta harmonizatuz).

10. Gainerako informazioa

Erabiltzeko lizentzia hau Espainiako legeen arabera gobernatzen da, erabiltzailearen lege ingurunea edozein izanik ere. Akordio honen interpretazioan sortzen diren liskar guztiak Espainiako epaitegietan ebatzikoda.

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa